‘Etxepel’ proiektuaren 1.
urte-urrenaren harira, Caritasek zentrora deitu ditu Gizarte Komunikabideak
balantzea egin eta udako jarduerak aurkezteko, hala nola, esperientzia
terapeutiko hezigarri berri bat (‘in situ’ erakusketa egingo da zentroko
lorategian).
BALANTZEA:
Gure eskualdean
bazterkeria egoeran dauden pertsonei (bereziki etxegabeei) erantzun integrala
emateko proiektua da Etxepel. 2014ko ekainean sortua, urtebeteko bizi honetan
Etxepeletik 22 pertsonari laguntza eskaini diegu, guztiak (bat ezik)
urte luzez Durangoko edo eskualdeko bizilagunak.
Generoari erreparatuta, 22 pertsona
horietatik bederatzi emakumeak dira (%41) eta hamahiru gizonak (%59); eta jatorriari
erreparatuta, zazpi europar erkidegoaz kanpoko etorkinak dira (%32) eta
hamabost (%68) Europar Batasunekoak. Horietatik bederatzi kalean edo
etxebizitza ezegokietan bizi ziren (%41) eta, egun, guztiak bizi dira baldintza
duinetan.
Une honetan
(2015eko ekaina), Etxepelek 19 pertsonari laguntza eskaintzen dio eta bi pisuak
(Aiete plaza) beteta daude.
Gaur gaurkoz,
Etxepel Caritasen funts propioen bitartez finantzatuta dago, baita bi
fundazioren ekarpenen eta parrokia, pertsona indibidual zein enpresen
dohaintzen bitartez ere. Azken urtean, 15.000 euro baino gehiago bideratu
ditugu pertsonentzako laguntza eta maileguetara.
Lanean diharduen giza taldea
da Etxepelen aktibo handienetakoa; une honetan hamahiru boluntariok eta
hiru kontratatuk osatzen dute (bi lanaldi eta erdi), guztiak
inplikazio-maila handiarekin lanean.
ORAINALDIA:
Santiagoko Bidea
Uda honetan, jarduera berezi
gisa, Etxepelen zenbait ordezkari eta horien laguntzaileek Santiagoko Bidean
parte hartuko dute astebetez. Ilusio handiz esan digutenez, “astean zenbait
ibilaldi eginez hankak sendotzen dihardute, bidean ondo prestatuta egoteko”.
Animaliekin lagundutako terapia: ‘Wilma’ txakurra, Etxepeleko beste kide
bat
Duela hilabete ingurutik hona,
heziketa jaso duen txakur bat ere bizi da Etxepelen; erabiltzaile guztiek
zaintzen dute eta euren prozesu pertsonaletarako laguntza gisa balio
die.
Wilma txakurra heriotza ziurretik
salbatu zuten Zalama albaitari eta txakur-heziketa zentrokoek, txakurkumea
baino ez zenean. Zainketa eta heziketa lanetan bi urtez izan ondoren,
Caritasi eman diote txakurra.
Animaliekin lagundutako terapiaren
bitartez, kalitate emozionala eta segurtasuna hobetzen dira, komunikazioa
errazten da, konfiantza areagotzen eta oldarkortasuna murrizten dira, besteak
beste. “Wilma gu bezalako beste kide bat da Etxepelen”, hala esan digute
Durangoko zentrokoek pozik.
ETORKIZUNA:
'Etxepel’
proiektu integralaren lehendabiziko urte honetako balantzea oro har oso
positiboa izan den arren, ezin dugu ahaztu gizarte pentsioak itxita jarraitzen
duela erakundeen babesaren zain (duela urtebete irekiko zuten).
Caritasetik
espero dugu proiektuaren beste atal hori ere martxan jarriko dela datorren
urtean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario