miércoles, 28 de diciembre de 2016

BESTEBI PLATAFORMAK KALEAN BESTE PERTSONA BAT HIL DELA SALATU DU

Etxebizitza arloko bazterkeriaren aurkako eta Etxerik gabeko pertsonen aldeko “BesteBi” plataformak Koldoren heriotza salatu eta horren inguruko atsekabea adierazi du. 61 urteko bilbotarra hilda agertu zen pasa den asteartean, abenduak 20, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean.


BesteBi; Bilbo, 2016ko abenduaren 28a.- Beste behin ere, 2016an hirugarrenez, pertsona bat hil da Bilboko kaleetan. Bestebi plataformaren izenean, bat egin nahi dugu bere senide eta lagunen minarekin.

XXI mendeko euskal gizarteak ez du oraindik ere gizarte-bazterkeriaren egoera gogor eta muturrekoena gainditu: Kalean bizitzea, etxerik ez edukitzea.  Euskal udalerrietan egindako Etxerik gabeko Pertsonen azken zenbaketaren arabera, 112 pertsonak egiten dute lo Bilboko kaleetan, 163 pertsonak Bizkaia osoan eta ia hirurehun pertsonak (285) Euskadin.

Baina kalean bizi diren pertsonez gain, etxerik ez duten beste pertsona asko daude; egoitza-baliabideren batean daudenak edo oinarrizko baldintzetara heltzen ez diren etxeetan daudenak; guztira ia 2.000 pertsona daude Euskadin, XXI mendean, etxebizitzarik gabe.

Gizarte-bazterkeria egituran errotuta duen sistema sozio-ekonomiko batean bizi gara.   Zehatzago esateko, etxegabetasuna mantendu egin da azken urteetan, pertsonak alde batera utzi dituen sistema bidegabe baten ondorioz.

BesteBi plataformaren izenean, euskal administrazioei berriz ere eskatu nahi diegu gizarte-zerbitzuen zorroa modu eraginkorrean garatzeko eta Euskadiko etxegabetasuna ezerezteko estrategia global bat martxan jartzeko, pertsonak kale gorrian hiltzen jarrai dezaten saihesteko. Eusko Legebiltzarrak, 2014ko urrian, Gobernuari eskatu zion urtebeteko epean estrategia hori aurkezteko. Bi urte beranduago, estrategia oraindik ez dago martxan.

Gizarteari, Euskadiko pertsona guztiei ere eskatu nahi diegu etxerik gabeko pertsonei begiratu diezaietela, ez ditzatela ikusezin bihurtu. Pertsona gisa, herritar gisa ikus ditzatela, eskubideak eta duintasuna dituzten herritar gisa.
Komunikabideei eskatu nahi diegu albiste hauen berri emateko, hain bidegabeak diren egoera hauek gaur egun ere ematen direla zabaltzeko. Eta etxerik gabe bizi diren pertsonen diskriminazioaren eta estigmaren kontra borrokatuko diren mezu positiboak sortzeko.  

2016. urtea amaitzera doa. Ea mota honetako ekintzak ere amaitzen diren. Ea ez dugun berriz ere kalean hildako inor omentzera irten behar. Ea 2017an gure eskakizunak betetzen diren, eta Giza eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25.1 artikuluan jasotakoa eta hain oinarrizkoa dena egi bihurtzen den:

“Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario